XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dakigunez, hazkuntz hormonak bilakaeraren azelerazioa eragiten du, janari-kontsumoa proportzionalki handitu gabe; beraz, hazkuntz hormonaren geneak txertatuz gero, badirudi mirakuluak egin behar dituela; errealitatean aldiz, aziendako abereekin ez da xaguarekin bezala gertatzen, pisu irabazia %10etik ez bait da pasatzen kasu hoberenetan.

Honen arrazoiak bilatzean, milaka urtetan dirauen historian aziendako abereek hautesmen-prozesu bat jasan dutela pentsa genezake, beste gauzen artean hazkuntz ahalmenagatik baina, noski, hau ez dela xaguaren kasuan gertatu.

Hala ere, emaitzak hain apalak izan arren, justifika daiteke berean jarraitzea, hormona honek berak, ugaztunetan esne-ekoizpena handitzen bait du, %20 bat arte ausnarkarien kasuan, baina honetan ere, xaguak salbu, gutxi izan dira oraindik erakusteko moduko emaitzak.

Honetaz aparte, badira lor daitezkeen beste emaitza-mota batzuk; landare-proteina askotan, lisina deritzon aminoazidoa oso urria da; pentsatzekoa da lisinaren sintesia zuzentzen duten bakteri geneak abereetan txertatzea, horrela lisinan aberatsak diren proteinen beharrik ez bait zuketen izango eta berdin gerta daiteke beste edozein osagairekin, bitaminak barne.

Aplikazioak ugariak dira, interesatzen zaizkigun moduko azienda-abereak lortzea azken finean, adibidez, arteriosklerosia sortzen dutelako hain kaltegarriak ditugun animalia lipido aseak, desasetuko dituen entzimaz hornituriko abereak, pertsona askorengan esnearen intolerantzia sortzen duen laktosarik gabeko esnea emango duten behiak, e.a.

Dena den, biologi ikuspegitik gauza asko posibletzat ikusiarren, proportzio handi batean ekonomi ikuspegitik ezinezkoak gertatu zaizkigu; ez dugu ahaztu behar inbertsio handien beharrean gertatzen diren prozesuak ditugula, beraz txertatu nahi dugun ezaugarri berri horrek abantaila handiak izan beharko ditu aziendetan zabaltzeko.